Oinarriak

Erromako Ituna (1957-2017) sinatu zela 60 urte bete dira. Hori dela-eta, Europako Parlamentuaren Espainiako Informazio Bulegoak Euroescola Lehiaketaren XXIII. ediziorako deialdia egin du, Europako Batzordearen Espainiako Ordezkaritzarekin eta Europar Batasunerako Estatu Idazkaritzarekin (Kanpo Arazoetarako eta Lankidetzarako Ministerioa) lankidetzan eta, honako honetan, Italiako Enbaxadaren lankidetza bereziarekin.

Deialdi honen helburua da, gazteekin batera, Europar Batasuna azken 60 urte hauetan zehar askatasun, justizia eta segurtasun eremu eraldatu duen prozesuari buruzko gogoeta egitea, lortu duguna baloratzea eta gaur egungo erronkak aztertzea. Horretarako, lehiaketaren gai nagusia  Europar Batasunaren Oinarrizko Eskubideen Gutuna ezagutzea da; esan behar da testu horretan biltzen direla EBko herri eta herritarren printzipio eta balioak, 60 urtez elkarrekin hartutako konpromisoaren eta egindako bidearen ondoren lortutakoak, alegia.

Lehiaketa Interneteko hezkuntzako plataforma interaktibo baten bidez gauzatuko da: www.euro-scola.com

Lehiaketaren helburu nagusiak hauek dira:

  • Interneten eta teknologia berrien erabilera bultzatzea, hezkuntzarako tresna gisa.
  • Gazteak Europar Batasunera hurbiltzea, EBri buruz duten ezaguera hobetuz eta Europaren eraikuntzan inplikatuz.

Izen-emateak

Izen-ematea zuzenean egingo da, lehiaketaren webgunean: www.euro-scola.com , 2017ko otsailaren 16etik aurrera.

Nazio-lurraldeko Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako (DBH), Batxilergoko edo Lanbide Heziketako Erdi Mailako Heziketa Zikloetako ikastetxe guztiek har dezakete parte.

Parte hartzeko, taldeka eman behar da izena. Taldeak hamabost (15) eta hemezortzi (18) urte bitarteko hamar (10) ikaslekoak izango dira, gehienez, eta irakasle arduradun bat izango dute. Irakaslea izango da taldearen liderra eta ordezkaria Euroscolako antolatzaileen aurrean. Dena dela, ikastetxearen barruan, irakasle batek baino gehiagok koordinatutako elkarlana izan daiteke.

Irakasleek kontuan izan beharko dute, deialdiaren irabazle izanez gero, ikasleek 16 urte beterik izan beharko dutela eta ezin izango dutela 18 urte baino gehiago izan Estrasburgoko Europako Legebiltzarrean Euroscola jardunaldian parte hartzen dutenean (partaidetza hori 2017-2018 ikasturtean edo 2018-2019 ikasturteko lehen hiruhilekoan egingo da, baldin eta talde-kopurua dela-eta zabaldu behar bada). Antolatzaileek data posible bat baino gehiago eskainiko dute, ikastetxe irabazleek hauta ditzaten.

Lehiaketaren antolatzaileek irakasle liderraren esku uzten dute taldeak osatzeko lana. Hartara, lehiaketa bukatzen denean eta irabazle gertatuz gero, irakasleak orduan soilik eman beharko dizkie antolatzaileei ikasleen datu pertsonalak.

Irakasleak nahi adina talde edo ikastalde inskriba ditzake, hots, osa ditzakeen bezainbeste; nolanahi ere, talde bakoitzak gehienez ere hamar (10) kide izango ditu. Irakasle bakoitzak bere ikasgel(et)an ikastalderako egokitzat jotako taldeak osa ditzake, baita ikasgela bat baino gehiagoko ikasleez osatutako taldeak ere. Hala ere, kontuan hartu behar da sariaz goza dezaketela gehienez ere hogeita lau (24) ikaslek eta bi (2) irakaslek (ikus oinarri hauetako Sariak izeneko atala).

Garrantzitsua eta beharrezkoa da ikasle parte-hartzaileak ingelesez edo frantsesez hitz egiteko gai izatea, Estrasburgoko Euroscola Programara joango diren talde irabazleetako kideek hizkuntza horiek ulertu eta haietan komunikatzeko gai izan beharko dutelako.

Ondorio guztietarako, irakasle liderrak taldea erregistratzean emandako helbide elektronikoa izango da antolatzaileek lehiaketan zehar egin beharreko jakinarazpen guztietarako erabiliko dutena.

 

Lehiaketa

Lehiaketan parte hartzen duten taldeek bideo bat egin beharko dute, gehienez ere minutu bat eta hogeita hamar segundokoa (1′ 30”). Gaiak oinarrituko dira Europar Batasunaren Oinarrizko Eskubideen Gutunean bildutako eskubideetako batean (http://www.europarl.europa.eu/charter/pdf/text_es.pdf). Testu hori Europar Batasuneko estatu kide guztientzako juridikoki loteslea da eta hartan Batasuna osatzen duten herri eta herritarren printzipio eta balioak biltzen dira.

Bideoak gaztelaniaz eta autonomia-erkidegoetako beste hizkuntza ofizialetan egin daitezke, taldeak zein erkidegotakoak haietakoak.

Talde parte-hartzaileek eginkizun hauek izango dituzte:

  • Europar Batasunaren Oinarrizko Eskubideen Gutuneko eskubideetako bat hautatu eta hartan oinarritutako sormen-bideo bat prestatzea.
  • Beren eskualdeko Europe Direct zentroarekin harremanetan jartzea, taldearen proiektuaren berri emateko eta haren laguntza eskura izateko, betiere Europako informazio zentro horietako bakoitzak dituen aukerak kontuan izanik.

Euroscolaren webgunean, taldeek Espainian dauden Europe Direct informazio-puntu guztien zerrenda eguneratua izango dute, haiekin harremanetan jarri ahal izateko.

  • Bideoa benetan ikasleek egin dutela frogatu behar du epaimahaiak. Horretarako, talde bakoitzak, gainera, demaking of motako bideo bat egin beharko du, zeinetan ikasleek beren buruak aurkeztu beharko dituzten eta bideoa egiteko beharrezkoa den sormen-prozesuan haietako bakoitzak zenbaterainoko inplikazioa izan duen deskribatuko den.

Bideo hau ez da nahitaez kalitate tekniko eta artistiko handikoa izango; nahikoa da ongi ikustea eta entzutea, egindako lana zuzena dela frogatu ahal izateko. Orobat, 5 minutukoa izango da, gehienez.

  • Beren hezkuntza erkidegoa eta ingurua ahalik eta gehiena inplikatzea, proiektua ezagutzera eman eta bideoa partekatzeko.

 

Taldeek lehiaketan aurkeztutako bideoak jatorrizkoak izango dira eta eskakizun hauek bete beharko dituzte:

  • Formatua: YouTube edo Vimeo plataformekin bateragarria den edozein bideo-formatu.
  • Iraupena: gehienez ere minutu bat eta hogeita hamar segundo.
  • Kalitatea: bideoak modu argian ikusi eta entzuteko modukoak izango dira; horixe da eskatutako irudi- eta soinu-kalitatea. Bideoaren gutxieneko bereizmena 720p-koa izango da. Hala ere, 1080p-ko edo 4K-ko kalitatea duten bideoak ere bidal daitezke.

Erabilitako grabagailuen (tableten, telefono mugikorren, argazki kameren, bideo kameren edo web kameren) bereizmenari buruzko zalantzak izanez gero, gomendagarria da fabrikatzailearen xehetasunak eta aparatuaren konfigurazioak gainbegiratzea hala nola ikastetxeko IKTen arduradunari kontsulta egitea.

  • Kredituak: bideoa prestatzen parte hartzen duten guztien kredituak jarriko dira.

Kontuan izan zuen bideoa erabat jatorrizkoa izan daitekeela, hau da, bideoko material guztia zuek zeuek osatua izatea (audioa, musika, irudiak, bideoa…). Hala ere, hirugarrenen lanak erabili nahi edo behar behar badituzue egile horien berariazko eta idatzizko baimena beharko duzue edo, bestela, Creative Commons, copyleft lizentzia duten edo erabilera-eskubiderik gabeko argazkiak, audioa/musika, bideoa edo irudiak dituzten webguneetara jo beharko duzue eta haiek erabili dituzuela kredituetan  adierazi.

  • Teknika: librea; bideoen irudia benetakoa izan daiteke, argazkiak eta irudiak nahasian ematen dituztenak, “youtuber talde”en estilokoak izan daitezke, animaziokoak, marrazki eta testu bizidunetakoak, etab.

Kontuan izan bideo horietako protagonistak bazarete, adingabeak izanik, irudi-baimenak beharko dituzuela, zuen gurasoek edo tutoreek idatziz emanak. Lehiaketak taldeen irakasle liderren esku uzten du behar diren baimenak eskuratzeko ardura.

Bideoen eskubideak Europako Parlamentuari lagako zaizkio eta hark bere jardueretan erabili eta/edo hedatzeko aukera izango du.

Taldeak lanean has daitezke lehiaketan izena ematen duten unetik beretik.

Irakasle liderrak taldea nahi moduan antolatuko du. Hala ere, oso kontuan izan behar du apirilaren 6an bukatuko dela honako hauek bidaltzeko epea:

 1) Jatorrizko bideoaren esteka

2) Bideoa egiteko prozesua erakusten duen making of motako bideoaren esteka.

3) Taldearen irakasle liderrak baieztatzea baimen idatziak dituela adingabeen irudia, eta eskubideak dituzten bestelako irudiak, musika, audioak edo bideo-zatiak erabiltzeko.

 Taldeek informazio hori Euroscolaren webguneko formularioaren bidez bidaliko dute. Lehiaketako webgunean ez dagoen beste edozein komunikazio-modu ez da baliozkoa izango.

Taldeek lehiaketako webgunean helbide elektroniko bat izango dute. Taldeen irakasle liderrak oinarri hauek interpretatzearen gaineko edozein galdera edo zalantza bidal dezakete eta, orobat, lehiaketaren plataforma erabiltzean izaniko edozein arazoren berri eman antolatzaileei. Gorabehera horiek modu arrazoituan eta ezarritako epeen barnean komunikatu beharko dira, talde guztien parte-hartze baldintzak berberak izan daitezen.

Taldeei gomendatzen zaie Euroscolak Facebook eta Twitter sare sozialetan dituen kanalak jarraitzea, hala nola beren proiektua partekatzea taldeak berak sare sozialetan sortutako kanaletan, Euroscola Lehiaketaren esparruan egindako lana eta bideoak ezagutzera emateko.

Beharrezkoa da eskakizun hauek betetzea:

  • Euroscolako taldea proiektuan zuzenean inplikatuta egon beharko da.
  • Bideoaren edukiak jatorrizkoak eta Lehiaketa honetako esparruaren barnean garatutakoak izango dira.
  • Adingabeek baliabideez egiten duten erabilerarekin zerikusia duten lege-arau guztiak errespetatzea, eta irudi-eskubideak eta egile-eskubideak errespetatzea. Taldeak gidatuko dituzten irakasleen ardura da informazio hau eta une oro sarean ziurtasunez nabigatzeko errespetatu beharreko arauak ikasleei transmititzea eta, orobat, adingabeen tutoreen edo lege-ordezkarien baimena lortzea, Euroscola 2017 lehiaketan parte hartzeagatik beren irudiak (argazkiak, bideoak edo audioak) argitaratzen badira. Baimen horiek eskatuko dira eta, zuzen aurkezten ez badira, Lehiaketatik egozteko arrazoia izango da.
  • EUROSCOLA lehiaketa “balio-hezkuntza”-ko proiektu pedagogikoa da. Beraz, bideoetako hizkuntza zuzena izango da, ikasleen eta haien proposamen jatorrizko eta dokumentatuen hausnarketaren emaitza; horrez gain, haien inplikazioa erakutsi beharko dute. Hortaz, taldearen beraren sormen lan serioa erakusten ez duten bideoak eta, orobat, erasokorrak edo errespetugabeak izan daitezkeen mezuak, irudiak edo bestelako materialak argitaratzen dituzten proiektuak deskalifikatu egingo dira.

Gomendatzen da ikasleen artean Interneten ibiltzeko segurtasun-arau honen norainokoa azpimarratzea: “ez nolanahi jarri Interneten argazkiak, bideoak edo iritziak; hausnartu, lehenik”.

Europako Parlamentuaren Espainiako Informazio Bulegoa ez da izango taldeek beren bideoetan edo erabiltzen dituzten hedapen eta sustapen medioetan argitaratzen dituzten ideien edo iritzien erantzule.

 

Puntuazioak

Epaimahaiak taldeen bideoak baloratuko ditu eta haien arabera hautatuko dira irabazleak eta sailkatutakoak, betiere honako irizpide hauen arabera:

  • Bideoaren sormena
  • Taldeak lehiaketako gaiaren gainean zer ezagutza duen
  • Kalitate teknikoa eta artistikoa
  • Bideoak transmititu edo iradokitzen dituen mezua, hausnarketak eta/edo ekarpenak.
  • Beren proiektua sare sozialetan eta ikastetxearen inguruan hedatzea, taldeak berak erabiltzen dituen kanalak erabiliz.

Epaimahaiak bideoak baloratu ondoren, hoberenak hautatuko ditu, eta Europaren Egunaren, maiatzaren 9aren, inguruan, Lehiaketaren webgunean ikastetxeen zerrenda argitaratuko da, hots, Euroscolaren irabazle nazionalak gertatu diren taldeak dituztenena. Era berean, autonomia-erkidegoen eta hiri autonomiadunen arabera sailkapen hoberena erdietsi duten bost (5) taldeen zerrenda argitaratuko da.

Lehiaketaren epaia apelaezina izango da.

 

 Sariak

Irabazleek sari hau lortuko dute: Europako Parlamentuko Euroscola Programan parte hartzea Estrasburgoko egoitzan eta diru-laguntza bidaiaren gastuen zati bat ordaintzeko. Diru-laguntza kalkulatzeko, Euroscolaren antolatzaileek formula bat erabiltzen dute Europar Batasuneko herrialde guztietarako, ikastetxea kokatuta dagoen ikastetxetik Estrasburgorainoko tartean oinarrituz.

Hemeretzi (19) Euroscola sari eman nahi dira, Espainiako autonomia-erkidegoen eta hiri autonomiadunen arabera. Hala ere, Epaimahaiaren iritziz, sariak eman gabe utz daitezke autonomia-erkidego(et)an edo hiri autonomiadun(et)an, baldin eta haietan aurkeztutako bideoek ez badituzte gutxieneko eskakizunak betetzen.

 Epaimahaiaren iritziz, bideoak ez badu aski merezimendu, lehen tokian sailkatzeak ez du berarekin ekarriko Euroscolaren irabazle nazionala izatea. Hala gertatzen bada, taldea bere autonomia-erdidegoko edo hiri autonomiaduneko irabazlea izango da.

Talde irabazleek eta lehen bost (5) sailkatuek Europako Parlamentuaren Informazio Bulegoak emandako diploma digitala jasoko dute. Taldearen irakasle liderrak taldea inskribatzeko eman zuen helbidera bidaliko da diploma.

Europako Parlamentuak Lehiaketa honen esparruan egindako bideoak zabaltzeko eskubideen lagapenak eta adingabeen baimenak eska ditzake.

Talde irabazle bakoitzean, taldekideak barne direla, gehienez ere hogeita lau (24) ikasle eta bi (2) irakasle -irakasle liderra eta ikastetxeko irakasle bat- sartuko dira. Ikastetxearen ardura da taldearen parte-hartzea koordinatzea.

Horrez gainera, Europako Parlamentuaren Espainiako Bulegoak lehiaketako gaiekin zerikusia duten Estatuko eta autonomia-erkidegoetako hainbat erakunde sari osagarriak ematera gonbidatzen ditu. Sari horiek dagokien autonomia-erkidegoaren bidez bidaltzen zaizkie taldeei.

Europako Parlamentuaren Espainiako Informazio Bulegoa arduratuko da Estrasburgoko Europako Parlamentuko arduradunei talde irabazleen datu guztiak emateaz. Estrasburgoko Europako Parlamentuaren Bulegoko arduradunak taldeekin harremanetan jarriko dira, Euroscola Programako parte-hartzea antolatzeko, beharrezkoak diren xehetasunak emanez.

Euroscola programan parte hartzea oso bizipen berezia eta ahaztezina da ikastetxeetako ikasleek Europaren integrazio-proiektua gertu-gertutik bizitzeko. Espainiako ikasle irabazleek EBko beste estatu kideetako gazteekin biziko dute egun batez Europako Parlamentuko eurodiputatu bihurtuko dituen esperientzia hori.

Ikasleek bertatik bertara ezagutuko dute Europarlamentuko lana, gazteentzat gaurkotasun handia duten gaiak eztabaidatuko dituzte, gainerako parte-hartzaileekin negoziatuko dute eta Europan puri-purian dauden gaien inguruan bozkatuz eta erabakiak hartuko dituzte.

Euroscola programan eurena ez den hizkuntza batean elkarri eragiteko eta informazioa trukatzeko aukera ematen zaie ikasleei. Ikasleek beren ikastetxea eta eskualdea ingelesez edo frantsesez aurkezteko aukera izango dute; hartara, Europako herri-aniztasuna argi islatzeko eta kultura elkarrizketa aberasteko.

Irakasleek ere aukera izango dute Europako beste herrialdeetako lankideak ezagutzeko eta ikasgeletako jardunbideak eta hezkuntzako beste hainbat informazio elkarri emateko.

Euroscola programaren nondik norakoak zehatzago jakiteko, begiratu Europako Parlamentuko Euroscolaren webgunean: http://www.europarl.europa.eu/euroscola

Estrasburgon Euroscola Programan parte hartzeko bidaia 2017-2018 ikasturtean edo, parte-hartzaileen kopuru handiak hala eskatuz gero,  2018ko bigarren seihilekoan egingo da.

Euroscola saioen egutegi aurreikuspena dagoenean, Europako Parlamentuaren Espainiako Informazio Bulegoak mezu elektroniko bat bidaliko die aldi berean talde irabazleen irakasle liderrei, data horien berri emanez. Parte hartzeko datak aukeratu ahal izateko, eskarien iritsiera ordena errespetatuko da.

Bidaiaren data aukeratzean, irakasle liderrek kontuan izan beharko dute Euroscola-Estrasburgo programan parte hartzen duten egunean ikasleek gutxienez 16 urte izan behar dituztela, baina ez 18 urte baino gehiago.

Europako Parlamentuak ahalmena du Euroscola programako parte-hartzea bertan behera uzteko edo aldatzeko, ezinbesteko arrazoiren bat gertatuz gero.

Euroscolaren antolatzaileek ez dute erantzukizunik erakunde laguntzaileek ematen dituzten sarien eta haien baldintzen gainean.

Euroscola 2017 lehiaketan izena emateak oinarri hauen eduki onartzea dakar.